AURKEZPENA

  • Elkarte izaera izan baino lehenago, zuzendaritza taldeen batzordea izan zen (1994-1999).

Zuzendarien koordinadora bezala hasi zen. Bilerak antolatzen genituen zuzendarien artean, Hezkuntza Sailak eta Erreformek sortzen zituzten arazoetaz hitz egiteko eta eskaerak, aldarrikapenak, idatziak idazteko.

Bilerak asanblearioak ziren eta terapia egiteko balio izateaz gain, balio izaten zuten prensa oharrak adosteko, hezkuntza-agintariei bilerak eskatzeko, …

Koordinadora desberdinak zeuden hiru lurraldeetan eta gure artean harremanak izaten genituen zenbait ekintza elkarrekin egiteko.

Koordinadorak lan duina egin zuen 1996ko Eskola Maparen garaian.

  • Institutu guztiek interes komunak eta arazo antzekoak.

Koordinadorak egiten zituen bileretan, konturatu ginen bigarren hezkuntzan ikastetxe tipología desberdineko ikastetxeak egonik, arazo eta interes komun asko genituela, eta ondorioz elkarlanean aritzea onuragarria zela guztiontzat.

Horregatik, koordinadora bezala urte batzuetan funtzionatu ondoren, erabaki zen elkarte bezala erregistratzea. Lehendik, erregistratuta zeuden IKASLAN eta SAREAN elkarteak.

  • 1999-2000: Gipuzkoako 27 institutuek elkartea sortzen dute.

Elkartea, zuzendarien talde eragile batek gidatu zuen. Estatutuak idatzi ziren, zuzendaritza talde bat aukeratu zen, eta elkartea Gipuzkoako 27 ikastetxek ezarri zuten abian. Geroztik, beste luraldeetako ikastetxeei ere aukera eman zitzaien bazkidetzen joateko.

  • 2017-2018.: Arabako , Bizkaiko eta Gipuzkoako 100 institutuek osatzen dugu elkartea.

Gaur egun, urteko hauetako ibilbidearen ostean, 104 institutuek osatzen dugu elkartea. Elkartea ia erabat zabalduta dago Gipuzkoan eta Araban, eta %85an Bizkaian.

Ofizialki bazkide izateko, ikastetxeko zuzendariak eskaera idatzi bat bere sinadurarekin helaraziko dio elkarteko zuzendaritzari.

Ikasturte bakoitzaren hasieran, ikastetxe batek bazkide izateari uko egin dezaioke, elkarteko zuzendaritzari horrela adieraziz; bestela ulertuko da bazkide izaten jarraitu nahi duela. Elkartearen ibilbidean zehar, errenuntzia oso gutxi izan ditugu.

Bazkidetza horrela banatzen da:

  • Gipuzkoa: 45 bazkide
  • Bizkaia: 50 bazkide
  • Araba: 9 bazkide

  • Tipologia desberdineko bazkideak: DBH, DBH-BATX, DBH-BATX-Zikloak.

Elkartea, ikastetxe tipologia desberdineko bazkideak osatzen dugu, eta ondorioz interes komun asko daude guztion artean, eta baita ere, etapen araberako gaiak. Bileren gai-zerrenda osatzerakoan, kontutan hartzen dugu aniztasun hau eta horregatik egoerak eta gaiak horrela eskatzen duenean etapetan fokatzen dugu gure lana.

Bizkaian, lurralde handiena izanik, batxilergoa eta zikloak dituzten ikastetxe batzuk bakarrik IKASLAN elkartean bazkidetuta daude, eta horregatik, bazkide portzentaia ez da erabateko. Hala ere, urtez urte bazkide berriak ari dira izena ematen.

  • Elkarte irekia: urtez urte bazkide kopurua hazten.

Bazkideak ez diren ikastetxeentzat informazio prozesu egokitu bat eskaintzen dugu. Horregatik, zenbait batzarretara bazkideak ez diren ikastetxeak gonbidatzen ditugu, elkartearen funtzionamendua barrutik ere ezagutu dezaten.

  • SAREAN: Haur eta Lehen Hezkuntza Publikoetako elkartea.
  • IKASLAN: Lanbide Hezkuntzako institutu publikoen elkartea.
  • EHIGE: Euskal Herriko hezkuntza publikoko gurasoen federazioa.
  • FEDADI: estatuko zuzendarien elkarteko Federazioa.

[/wpsm_list]

SAREAn elkarteekin lan egutegi sistematizatua daramagu aspaldidanik, irakaskuntza publikoak jasaten duen etapen arteko zatiketari aurre egiteko, eta esfortzuak koordinatzeko. Etengabeko harreman honek, hezkuntzak hartzen dituen gai guztiei buruz eztabaidatzeko eta erabaki adostuak hartzeko aukera ematen digu.

Jantokiak, garraioa, planifikazio eta esleipen prozesuak, ordezkapenak, proiektuetarako ordu-kredituak, …osatzen dute gure agenda.

HEIZE: SAREAN eta BIHE elkarteok osatu berri dugun federazioa da. Erakunde berri honek bi elkarteok lan dinamika komuna indartuko duelakoan gaude. Euskal Eskola Publikoaren, oraina eta geroa sendotzeko, arduradun politikoek bermatu beharko lituzketen hezkuntza-politikak definitzea eta defendatzea izango da federazio berri honen bide orria.

EHIGE: familien federazioarekin etengabeko harremanetan gaude, eskola publikoaren gaurko beharrak partekatzeko, hezkuntza-zerbitzu publikoa hobetzeko, eta eskola publikoan egin behar diren inbertsioak adosteko eta defendatzeko.

IKASLAN elkartearekin, urtean zehar bi bilera egiten ditugu interes komuneko gaiei buruz, bereziki Bigarren Hezkuntzatik Lanbide Heziketara dagoen jauzian elkarlanean aritzeko eta Lanbide Heziketaren eskaintza DBH eta Batxilergora hurbiltzeko. Beste ekintzen artean, hezkuntza publikoaren diagnosi partekatu bat izatea, lanbide heziketako eskaintzaren zabaltze prozesuan laguntzea eta familientzako orientazio-hitzaldiak antolatzea,…, garatzen ditugu bi elkarteon artean.

FEDADI elkartea: estatu mailan gure elkartea bezalako beste elkarte antzekoak daude. Ikasturtero, elkarteen arteko topaketak egiten dira erkidego desberdin batean. Duela urte batzuk, harreman honetatik elkarteen federazio bat(FEDADI) osatzeko beharra sortu zen. Federazioak, bere web gunea izateaz gain ( www.fedadi.org) , hezkuntza publikoaren hobekuntzaren alde lan egiten du. Hekuntza Ministeritzarekin eta erkidogoetako hezkuntza-sailburuekin harremanak sustatzen ditu.

ESHA elkartea: Europako elkarte profesionala da. Bertan, ikastetxeen zuzendaritzan lanean ari diren pertsonak parte hartzen dute. Elkarteak urtean zehar zenbait jardunaldi antolatzen ditu Europako hiri desberdinetan, eta Europam hezkuntzaren alorrean eztabaidan dauden gai garrantzitsuenak aztertzeko eta estrategiak adosteko foro eraginkorra da.

BIHE Elkartea, ESHA elkarteko bazkidea da eta ahal duenean ordezkari bat bidaltzen du jardunaldietara, lehen eskuko informazioa izateko, beste herrietako pertsonekin harremanak sustatzeko eta eztabaidatzen diren ponentzietan parte hartzeko. Elkarte honek aldizkari bat publikatzen du: ESHA magazine eta www.esha.org helbidean topatuko duzue.

  • Ikastetxeen arazoei jarraipena eta zuzendaritzen kolaborazioa

Ikastetxe bakoitzak eguneroko kudeaketan eta antolakuntzan topatzen dituen eragozpenen jarraipenea egiten du elkarteak. Horretarako bazkideen kolaborazioa ezinbestekoa da, problematika guzti hori elkarteari jakin arazteko. Horrela elkarteak bere lan mekanismoak hobeto egokitzen ditu bazkideen interesetara.

  • Zuzendaritza taldeen arteko sare lan sistematizatua indartu: kudeaketa, ikaskuntza eta antolakuntza mailan.

Gehienetan, ikastetxe baten arazoak edo informazio falta, orokorra izaten da eta ikastetxe gehienei gertatzen zaiena. Horrelako egoerak sumatzen ditugunean, batzarrak deitzen ditugu zuzendari guztion artean informazioa partekatzeko eta erantzun adostuak erabakitzeko.

  • Hezkuntza Publikoa hobetuko duten proposamenak adostu beste eragileekin kolaboratuz.

Gai batzuk ez dira izaten Bigarren Hezkuntzakoak, hezkuntza-politikarenak baizik. Hauetan, inplikaturik izaten dira haur eta lehen hezkuntzakoak eta batzuetan lanbide heziketakoak ere. Zalantzarik gabe, ikastetxetan suamtzen ditugun eragozpen asko gurasoen interesakoak izaten dira era, eta horregatik ezinbestekoa izaten da gurasoen elkartearekin etengabeko harremanetan egotea.

  • Zuzendaritza taldeen ordezkari lanak bete Hezkuntza Saila eta beste erakundeen aurrean.

Institu publikoetako zuzendaritzek, Hezkuntza-administrazioekin izaten dituzten harremanetan, arazoak eta gatazkak sortzen dira. Eragozpen hauen aurrean BIHE elkarteak bideak eta dinamikak ezartzen ditu, ikastetxeen arazoak partekatzeko. Ondoren, Lurralde ordezkaritzaren zein Lakuako agintarien aurrean zuzendarien ordezkaritza lana betetzea da bere zeregina.

Zuzendaritza talde batek bere ikastetxe arazoei aurre egiteko egin behar dituen gestioak alboratzeko egin behar duen ahalegina oztopatu gabe, uste dugu lagungarria izaten dala elkarteak zuzendaritza guztien ordekaritza lana ere egitea, bereziki ikastetxe guztien intereseko gaietan.

Nahiz eta Hezkuntza Saila izan ikastetxe publikoen ornitzailea eta sustatzaile nagusia, elkarteak ere aspaldidanik harremanak izaten ditu Foru Aldundi eta beste erakundeekin, hezkuntzaren alorrean proiektuetarako programak ezagutzeko eta finantziazio lortzeko, eta kolaborazio-sarea zabaltzeko.

  • Hezkuntza Publikoa indartzea gizarte mailan

Askotan, hezkuntza publikoan gatazka bat ematen denean, honek, berehala izaten du oiartzuna hedabideetan. Aldiz, nahiz eta ikastetxe publikoetan gauza on asko egiten diren gehienetan ekintza positibo hauek ez dute islarik izaten komunikabideetan. Elkartetik ahalegintzen gara eremu honetan ere gure presentzia publikoa izaten. Elkartea lanean ari da beste eragileekin batera, hezkuntza publikoaren irudi publikoa positiboa izateko.

  • Zuzendaritzen batzarrak: orokorrak eta lurraldekoak.

Bi batzar orokor egiten dira ikasturtero, bat haseran eta bestea ikasturtearen erdian.

Ikasturtero Urriaren hasieran egiten den batzar orokorrean, ikasturteko bileren egutegia onartzen da. Batzar hauetan, elkartearen funtzionamendurako beharrezkoak diren gaiak eta hezkuntzako gai orokorrak eztabaidatzen dira (ikasturteko plana, txosten ekonomikoa, ikasturtearen planifikazio garaian sortu diren arazoak, araudi eta programa berriak, lan hitzarmenak,…).

Batzar orokorraz gain, lurraldetako bi batzar egiten dira ikasturtean, eta lurralde bakoitzean agiten dira. Bilera hauetan, lurralde bakoitzari dagozkion gai propioak izaten dute parada.

  • Prestakuntza: Jardunaldiak, mintegiak, galdetegiak,…

Zuzendaritza taldeen ezagutza pedagogikoa hobetzeko eta gelako prozesuak hobeto kudeatzeko ezarri behar diren lan-dinamikak eraginkortzeko, elkarteak bere jardunaldiak, ikastaroak, mintegiak antolatzen ditu.

Prestakuntza jarduera hauek, oso lotuta egoten dira ikastetxeon hezkuntza proiektua eta proiektu kurrikularra hobetzeko estrategiekin. Jardunaldiak bazkideen interesetara daude orientatuak, bainan irekita egoten dira ere bazkideak ez diren ikastetxeentzat, eta hezkuntzako beste profesionalentzat (aholkulari, ikuskari, …).

Elkarteak antolatzen dituen jardunaldi eta ikastaro hauek dohakoak izaten dira.

  • Informazio eta komunikazio tresna propioak.

Elkarteak bere bazkideekin matentzen duen komunikazio ahalik eta eraginkorra izan dadin, bere web sistema propioak dauzka.

Ikasturte honetarako, erabaki dugu gure web sistema osoa eguneratzea eta eraginkortzea. Hilabete gutxi batzu barru ikusgai izango da sistema berri hau.

  • Batzar pertsonalizatuak zuzendaritza talde bakoitzarekin.

Ikastetxe berriek elkartea ahalik eta ondoen ezagutu dezaten, eta bereziki zuzendaritza berriek elkartearen lan prozedurak eta zereginak ondo ulertu ditzaten, bilera pertsonalizatuak egitea eskaintzen dira, hauek, ikastetxez ikastetxe egiten direlarik.

Orain arte ikastetxeekin egin den lan egokitu honek, oso interesgarria izan da. Bestalde, ikastetxe bakoitzak dituen erronkei erantzun egokia aurkitzeko, uste dugu beste ikastetxe bazkideen esperientziak asko laguntzen die, eta horretan elkarteak ezagutza handia dauka.

  • Kontsulta zerbitzua bazkideentzako.

Elkarteak koordinatzailearen figura dauka, zuzendaritzari laguntzen diona eta bazkideen zerbitzura dagoena.

Harremanak, koordinatzailearekin bai telefonoz (605711409), bai posta elektronikoaren bitartez egin daitezke: biheposta@gmail.com .

Bazkideak koordinatzaileari egiten dizkiote bere kontsultak, edota planteatzen dizkiote bere kezkak, arazoak, zalantzak,….

  • Elkarteko zuzendaritza taldea

Ikastetxe bazkideen artean, zuzendaritza taldeko 8 pertsona aukeratzen dira. Zuzendaritzak lehendakari bat, idazkari bat eta diru zain bat dauzka kargu nagusiak bezala. Horretaz gain, 5 bokal daude lurraldeen ordezkari lanak burutzen dituztenak. Lan hau egiteagatik ez daukate ordu-krediturik, eta ez dute ezer kobratzen.

  • Bazkide –kuota: ikasturtero ordaintzen da.

Koordinatzaileak eta zuzendaritza taldeko partaideak bere ordezkari lanak betetzeak sortzen dizkien gastuak kitatzeko, desplazamendu dietak izaten dituzte. Dieta hauen baremoa, hezkuntza sailak bere hezkuntza zerbitzuetako ezarrita dauzkan berdinak dira.

Dieta gastu hauei, zein web orria eta prestakuntza jardueren gastuei aurre egiteko, ikasturtero ikastetxe bazkide bakoitzari kuota bat ordaintzea eskatzen zaio. Ikasturtearen hasierako batzarrean, erabakitzen da ikasturte bakoitzeko kuota. Azken urteotan zuzendarien batzarrak 250 eurokotako kuota erabaki izan du, aurreko urteko txosten ekonomikoa aurkeztu ondoren.

1. Hezkuntza sistema arautzen duten legeen azterketa eta ondorioak aurre ikusi.

Bai Hezkuntza Sailak, zeren Ministeritzak publikatzen dituzten lege, dekretu,…guztien azterketa egiten du elkarteak. Bereziki Hezkuntza Sailak publikatzen dituen araudi berrien kasuan, elkarteak araudi hauen jarraipena eta aplikazio prozesuan sortzen diren kezkak eta zalantzak aztertzen ditu, eta bazkideen batzarretan proposamena adosten ditu.

Bazkideek aldiero informatuta egoten dira araudi hauetaz, proposatzen ditugun proposamenetaz, eta hezkuntza sailak emandako erantzunaz.

2. Araudien aplikazioan sortzen diren arazoen jarraipena, balorazioa eta salaketa.

Askotan, Hezkuntza Sailak hartutako erabakien edo lan hitzarmenen aplikazioan, ikastetxeok arazoak identifikatzen ditugu, hartutako neurriak desegokiak direlako, edo Administrazioak ez dituelako behar bezala kudeatzen.

Elkartearen zeregin garrantzitsua izaten da, guzti hau detektatzea eta gure eskaerak eta esigentziak Hezkuntza Sailari planteatzea.

3. Finantzazioari eta ekipamenduari buruzko beharrak identifikatu eta administrazioari proposamenak egin.

Askotan, Administrazioak ezartzen dituzten baliabideak eta egiten dituzten inbertsioak edo ez dira nahikoak izaten ikasleen eta ikastetxeen beharrei erantzuteko edo inbertsioak ez daude ondo bideratuak. Gai hauek ere elkartearen zereginen artean kokatzen dira.

4. Irakasleen etengabeko prestakuntza programen garapenean parte hartu: jardunaldiak, ikastaroak,…

Garatu programetan zein berritzeguneek antolaturiko ikastaroetan elkartea saiatzen da parte hartze aktiboa izaten, bereziki ikastetxe bazkideen interesekoak diren jardueretan eta praktika onen hedapenean lagunduz.

5. Ikastetxeetako giza baliabideei buruzko irizpideak hobetzen eta finkatzen lagundu.

Plantilak egiteko irizpideak hobetzen, esleipen prozesuetan ematen diren atzerapenak, akatsak,…elkartearen jarraipena izaten dute. Prozesu hauen garrantzia ikusirik, zuzendarien batzarretan baloratu ondoren, Hezkuntza Sailari helarazten dizkiogu gure kritikak eta hobekuntzarako proposamenak.

Gainera, azken urteotan ordezkapenekin izaten ari garen arazoen aurrean, elkarteak bere posizio irmoa erakutsi du, bai sailburordeari zuzenean azalduz, bai legebiltzarrean zein publikoki salatuz.

6. Teknologia berrien garapena bultzatu: tresna digital eta aplikazio didaktikoen ezagutza hobetu.

SARE HEZKUNTZA programaren ezarpenari hurbileko jarraipena egiten dio elkarteak. Gai honetarako, Hezkuntza saileko arduradun eta aholkulariekin etengabeko harremanetan egon gara, programaren garapena ezagutzeko, gure balorazioak eta eskaerak jakin arazteko, eta ezarpen prozesuan ematen ari ziren atzerapenak salatzeko, egutegia argitzeko, eta ikastetxeen kexak bideratzeko.

Horretaz gain, elkartearen helburuetako bat da, ikastetxeek bere tresna digitalak eta baliabideak eskuratzeko aukera defendatzea. Horretarako, elkarteak Hezkuntza Sailaren aurrean beti defendatu du homologazio eredu berri baten beharra ikastetxeen autonomia handituz.

7. Aplikazio telematikoen garapena ahalbidetu: kontratazioa, hobekuntza, ..(eINIKA, …).

Hezkuntza Sailak ikastetxeen gestiorako garatzen dituen aplikazioen jarraipenean eta hobekuntza prozesuetan parte hartze aktiboa izaten du. Azken urtetotan buruhauste handiak sortu dituzte baliabide hauek. Egoera honek bazkideentzako produktua hauen kontratazioa errazteko enpresekin hitzarmenak egitera.

Adibidez, eINIKA bezalako programak, berme bat dira ikastetxeentzat eta uste dugu aurrerantzean ere ikastetxeen interesa izaten jarraituko dutela, Hezkuntza Sailak abian ezarri dituen aplikazioen garapenak dituen eragozpenak ikusirik.

8. Kurrikulum-dekretu berrien jarraipena.

Azken urteotan, hezkuntzaren eredu pedagogikoan curriculum berriek ekarri dituzten aldaketek, elkartearentzako lan esparru garrantzitsua izan dira. Etengabeko elkarlanean egon gara hezkuntza arduradunekin eta zerbitzu teknikoekin berrikuntza prozesu honetan laguntzeko eta ikastetxetan sortzen ziren zalantzak argitzeko ahalegin handia egin da elkartean.

9. Esperientzia eleanitzen eta elkartrukaketa programen ezagutza zabaldu.

Ikastetxe publikoetan egin diren eta egiten ari diren esperientzia eleanitzak elkartearen jarraipen hurbila izaten ari dira. Hezkuntza Sailak abian ezarritako esperientzia eleanitzaren balorazioa, eta ikastetxetan azken hamarkadan egin diren esperientzia onak zabaltzea dira elkartearen zeregin iraunkor bat.

10. Zuzendaritza taldeen irakunkortasuna bermatzeko proposamenak eratu eta defendatu.

Elkartearen lana zuzendaritza taldeen zereginean pibotatzen du neurri handi batean. Elkartearen sendotasuna eta ikastetxe publikoen kalitatea eta hobekuntza sustatzeko, ezinbestekoa da zuzendaritza taldeen lan baldintzak eta egoera aldatzea. Zentzu honetan, elkartearentzat gai hau da lan ildo garrantzitsu bat, gure batzarretan, dokumentuetan eta ekintzen erdigunean beti dagoena.

  • Kolaborazioa/salaketa hezkuntza publikoa indartu/eragotziko duten erabakietan.
  • Batzarrak Sailburuorde eta lurralde ordezkariekin.
  • Elkarlana ikuskaritza eta berritzeguneekin.

Elkarteak garatzen duen lanaren zati handiena Hezkuntza Sailarekin mantentzen duen harrema izaten da. Bi izaten dira lan honek dituen aldeak: a) hezkuntza publikoaren hobekuntza ahalbidetzen duten politikak eta erabakiak esigitzea eta aldarrikatzea b)ikastetxe publikoentzako hezkuntza saileko instantzia desberdinek proiektatzen dituzten ekintzetan gure laguntza eta kolaborazioa eskaintzea.

Lan honek, tentsio uneak izaten ditu batzuetan eta elkarlana gehienetan. Gure lan dinamikaren ardatza izaten da, zuzendariekin egiten ditugun batzarretan planteatzen diren arazoak eta erabakitzen diren eskaerak, agintariekin izaten ditugun bileretan defendatzea, askotan beste elkarteekin batera interes komuneko gaiak tratatzen direnean.

2. Foru Aldundiekin:

  • Ekonomia eta justizia: zerga sistemaren ezagutza hobetzeko ikasmaterialak

Une honetan, Gipuzkoako foru aldundiak zerga sistemari buruzko Bigarren Hezkuntzako ikasleen ezagutza hobetzeko ikasmaterialak sortu ditu. Materialak dohan lortu daitezke Foru Aldundiari eskaera eginez gero.

  • Ekintzailetza proiektuak

Bizkaiko foru aldundiak ekintzailetza proiektuak gauzatzeko ekimena ezarri zuen abian duela urte batzuk. Denbora guzti honetan ikastetxe bazkide batzuk aukera izan dute programa honetan parte hartzeko. Proiektuan parte hartzen duten ikastetxeentzat foru aldunduiak Ortzadar fundazioaren bitartez prestakuntzarako materialak eta giza baliabideak ezartzen ditu.

3. Euskadiko Eskola Kontseilua: irizpenetarako ekarpenak.

Elkarteak oraindik ez dauka erakunde honetan ordezkaritza ofizialik, nahiz era askotan eskatu dugun. Hala ere, behin baino gehiagotan gondidatuak izaten gara gure ekarpenak egitera, eskola kontseiluak araudiei buruz egiten dituen irizpenak eta ikerketetan.

Uste dugu interesgarria dela ere, zuzendarion hitza ere erakunde honetara eramatea, eta ikastetxeon ikuspegitik hezkuntza eraikitzen laguntzea.

4. Unibertsitatearekin: EHUrekin kolaborazioak ikerketa proiektuetan, Hauta Probaren jarraipena, masterraren Practicum-a.

Asko dira EHUrekin izaten ditugun kolaborazioak. Batzuetan, gure bitartez ikastetxeak izaten zarete zuzeneann parte hartzen duzuenak zenbait ikertetan, bestetan elkarteko zuzendaritza izaten da gonbidatua ikastetxeon izenean zenbait ekimenetan parte hartzera (mahainguruak, foroak, hitzaldiak,…).

Selektibitatean eman ohi diren gorabeheren jarraipena izaten da urtero gure zereginetako bat ere. Proba hauetan parte hartzen duten irakasleen eta elkartearen arteko harremana estuta da eta unibertsitateko arduradunekin bilerak egiten ohi ditugu gure eskaerak bideratzeko eta ikasleen interesak defendatzeko.

Bigarren Hezkuntza Masterra abian ezarri zenetik, practicum-a egiteko eskaerak gor egin dute, eta zenbait eragozpen sortu dira. Elkarteak, gai honen kudeaketa hurbiletik darama, eta une honetan ditugun harremanak masterreko koordinatzaileekin etengabekoak dira. Joan zen ikasturtearen amaierako batzarrera EHUko practicum-eko koordinatzailea gonbidatu genuen zuzendariekin elkarrizketa produktibo bat izateko. Elkarteak jarraituko du gai honi irteera duin topatu arte lanean.

5. Sindikatu eta alderdi politikoekin: irasleriaren eta ikastetxe publikoen lan baldintzak eta baliabideak hobetzeko proposamenak.

Elkarteak aspaldidanik irekita dauka sindikatu alderdi politikoekin harremenak mantentzeko lan ildoa.

Batzuekin eta besteekin azken urteotan egin diren bilerak, eta mantendu diren kontaktuak ugariak izan dira, eta uste dugu asko lagundu dutela, ikastetxe publikoen errealitatea erakunde hauetara bideratzeko, eta aldi berean elkarteak betetzen duen ordezkaritza eta bozeramaile lanak aitorpen bat izateko.

Une honetan, sindikatuekin irekita daukagu kolaborazio ildo bat, lan hitzarmen berri bat gauzatzeko dauden aukerak aurre ikusteko eta helburuak partekatzeko.

BIHE, EHIGE eta SAREAN elkarteon asmoa da, harreman hauetan sakontzea hezkuntza publikoa indartzeko politikak eta baldintza duinak defendatzeko.

6. Eragile sozialekin: hezkuntzarako kanpoko jardueren eskaintza hobetzen.

Hezkuntza ez formalari gero eta garrantzi handiago ematen ari zaio, eta eragile sozialen ekimenak ugaritzen ari dira. Elkartea adi dago eremu honetan ematen ari diren mugimenduei eta saitzen ari gara euskararen erabilera publikoa indartzeko eta multikulturartekotasuna ezagutzeko antolatzen diren proiektuetan parte hartzen.

Ikastetxeek egiten dituzten erosketak eta zenbait zerbitzuen kontratazioa da elkartearen lan eremu argi bat.

Ikastetxe bazkideek kontsumitzen dituzten produktu ohikoenak, oso antzekoak izaten dira eta gastu arruntaren kapituluan sartzen dira. Elkarteak produktu hauek kalitate-prezio onenetan lortzeko, zenbait empresa kolaboratzaileekin hitzarmen komertzialak sinatuta dauzka. Hitzamen hauen baldintzetaz, bazkideak diren ikastetxeek dute bakarrik onura izateko aukera.

Hitzarmen hauetan sartzen diren produktuak ugariak dira: bulegoko produktuak (fungiblea), material eskolarra, tresna teknologikoak, mobiliarioa, aplikazio telematikoak,…

Hitzarmen hauen abantail ekonomiko guztiak ikastetxe bazkideentzako dira, eta elkarteak ez du etekin ekonomikorik ateratzen.

Nahiz eta ikastetxeena izan nahi dituen probeedoreak aukeratzeko eskumena, gero eta bazkide gehiagok aprobetxatzen dituzte hitzarmen hauen abantailak. Beste pizgarri bat elkarteko bazkide izateko.

Enpresa hauek dira egun elkartearen kolaboratzaileak: MIMBEK, NCS, INIKA, Enbor, GOSPE.

  • Zuzendaritza talde eta ikastetxe publikoen arteko sarea indartzen ahalegindu.

  • Hezkuntza Sailaren murrizketak: ikastetxeetan izan duten eragina baloratu eta salatu.

  • Zuzendaritzen egoera eta ebaluazioa: egoera aldatzeko proposamenak adostu eta eskaerak egin.

  • Berriztapen proiektuen egoera eta bideragarritasuna baloratu:

    • Sare-Hezkuntza eta IKT ikastetxe heldutasuna.
    • Kalitatea Hezkuntzan, Autonomia proiektuak.
    • eleaniztasun proiektuak.
    • Beste proiektuak

Azken ikasturtean eta ikasturte honetan elkartearen agendan dauden gai nagusiak jarraituko dute izaten. Honek eskatzen digu etengabe ikastetxeekin harremanetan egotea eta denon artean adostutako akordioak defendatzea.

  • Hezkuntzaren hobekuntza: ikastetxeetako praktika onak zabaldu.

Elkarteak, ikastetxe bazkideek garatzen dituzten berriztapen proiektuen jarraipena egiten du, eta ikastetxeen arteko kolaboraziorako zubi-lana egitea da bere zereginetako bat.

  • Ikastetxeen ebaluazioa eta hobekuntza: ikastetxeen barne-ebaluazioa indartu.

Kanpo ebaluazioek ikastetxe bakoitzari itzulerako informazio bat ematen dio. Datu hauek ondo interpretatzen jakitea da ikastetxeen erronka bat. Bainan hau ez da nahikoa hobekuntza sustatzeko, ikastetxeko etengabeko barne-ebaluazio eredua eraginkortzen ez bada. Nahiz eta Hezkuntza Sailak hobekuntza plan partzialak egitea eskatu, ezinbestekoa da ikastetxeak hoekuntzarako plan integral bat izatea. Elkarteak barne-ebaluazioa indartzeko zein hobekuntza plan integralak osatzeko behar diren estrategien ezagutza ari da bultzatzen horretarako ikastaroak eta mintegiak antolatuz.

  • Sindikatuekin elkar lana sustatu lan hitzarmen berri baten zehaztapena ahalbidetzeko.

2012ra arte indarrean egon zen lan hitzarmenaren ostean, ez da posible izan Sailaren eta sindikatuen artean hitzarmenik adostea. Ondorioz, eskola publikoaren gaurko egoera oso zaila da eta ziurgabetasunez betea.

Elkartea oso konszientea da egoera honetaz, eta hezkuntza publikoko beste eragileekin batera elkarrizketa iraunkorra sustatzen ari da Hezkuntza Sailarekin, eskola publikoaren interesak defendatzeko. Hala ere, gure ahalegina izango da sindikatuekin elkar lanean aritzea bidea errazten laguntzeko, eta ikastetxeok behar ditugun baldintzak lortzeko.

  • Alderdi politikoekin bilerak: beren programak ezagutu eta hezkuntza publikoaren interesak defendatu.

Hezkuntza Sistemak dituen erronka nagusien aurrean: politika publikoak indartzea, hezkuntza sistema propio bat eraikitzen aurrerapenak, hizkuntzen marko berri bat,…elkarteak beste eragileekin batera legebiltzarreko alderdiekin harremanetan jarraitzeko asmoa du, ikastetxe publikoen hitza indartzeko.

  • Hezkuntza Erreforma berria: LOMCE legearen jarraipena

Lege organiko honek ekarri dituen aldaketek eragin negatiboa izan dute ikastetxe publikoetan. Bere garapen normatiboaren ondorioz etorri diren araudi eta curriculum araudi-berriek buruhauste iturri handia izan dira ikastxeentzako. Hezkuntza Sailarekin etengabeko lan dinamika izan du elkarteak, araudi hauen eragin negatiboak murriteko behar ziren neurriak adosteko. Gai hau, elkartearentzako izaten ari da eta aurrantzean izango da lan ildo garrantzitsua.

  • ESKOLA DIGITALA: ikastetxe publikoen teknologizazioa eta hezkuntza digitalaren garapena ahalbidetzeko EHIGE, SAREAN eta BIHE elkarteak sortutako proiektua da. Beste ekintzen artean, azpimarrtu behar dira TOPAKETA DIGITALAK urtean behin antolatzen direnak eta ikasturte honetan bere IV edizioa izango dutenak.
  • Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar ekimena da, hiru elkarteok bultzatzen dugun beste ekimena. Eskola publikoaren arazoen eta erronken aurrean, dokumentu estrategikoak adostea eta hezkuntza-politikak salatzea dira ekimen honen helburu nagusiak. Euskal Eskola Publikoa Haratago dokumentua izan zen hezkuntza publikoak elkarteok defendatzen dugun eskola-eredua deskribatzen da dokumentua.
  • Eskola Publikoaren jardunaldiak

Urtean behin egiten diren jardunaldiak dira, zuzendaritza talde eta irakasleen prestakuntza pedagogikoa hobetzea dute helburu bezala. Hezkuntza Sailaren hitzaldia, adituen ponentziak, ikastetxetako esperientzien aurkezpenak, eta eztabaidarako lantaldeak osatzen ohi dute egitaraua.

Jardunaldi hauek, eskola publikoen topaleku eta gogoetarako gune garrantzitsua direla uste dugu.

Jardunaldiak ere dira, hiru elkarteon artean egiten ari garen lan komunaren adierazlea, eta horregatik jardunaldi hauek bere jarraipena ikasturte honetan berriro ere, bere jarraipena izan behar dutela uste dugu.

Proiektu guzti hauek, eskola publikoaren ondarea direla uste dugu, eta beraiekin jarraitzeko asmoa daukagu.

2017ko Irailean

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, zure baimena ematen duzu aipatutako cookie-ak onartzeko eta gure cookie politikaren onarpena, egin klik cookien politika estekan informazio gehiago izateko.

ADOS

Aviso de cookies